Mikelazulo |
Erdi Aroan, hiribilduaren eta Nafarroaren arteko merkatal harremanak oso garrantzitsuak ziren. Eta, horren ondorioz, horixe zen Nafarroako atera eta Nafarroako bidera joateko bidea. Horren azpitik pasatzen ziren Nafarroa aldera zihoazen jendeak, gurdiak eta merkantziak. Mikelazuloren garaierak arazo bat baino gehiago sortu zizkien garaiko garraiolariei, eta garaiko idazle batek baino gehiagok idatzi zuen horri buruz trufatzeko. Nahi baduzu, gida honetako 11. puntuan jasotzen den kontakizuna aipatu dezakezu Mikelazulon zaudetela probestuz. Mikelazulon barrena igaro eta jarrai dezagun aldapan gora. Gaur egun kale batekin topo egingo dugu, baina Erdi Aroan Nafarroako atetik behera jaisten zen harresiak ez zuen etenik. Harresia zabaldu zutela baliatuta, une batez, Goiko kaleko norabidea utzi, eta Astotokian sartzen bagara, argi ikusiko dugu herriko harresiaren aztarna. Harresiaren gainean eraikita daude Goiko kaleko etxeak eta argi eta garbi ikusten da Morrontxoko dorretxerako zatia. Haraino joanez gero, Morrontxo dorretxeko fatxada ikusiko dugu. Leku horri astotokia esaten zaio garai batean, orain ikusten dugun eraikuntza berde horren lekuan, Udal azoka zegoenean, bertara etortzen ziren baserritarrak han uzten baitzituzten astoak lotuta. Oraindik ere badaude astoak lotzeko burdinezko zirgiloak, ea nork topatzen dituen! Harresi zaharra ikusi ondoren, Goiko kalean behetik gora abiatzeko prest gaude. Ezker aldean elizako atea eta horma ditugula, eskubian etxeetako atariak azaltzen joango zaizkigu. Horietako batzuei erreparatzen badiegu, armarriak dituztela ikusiko dugu. Ezkerretara, Elizako kalea eta Orereta kalea aurkituko ditugu. Hor ere badira Erdi Aroko etxe dotoreak, tartean Amulleta eta Arranbide etxea. Kalean gora, garai batean kalearen amaieran, bi dorretxe ditugu ezker eskuin: Morrontxoko dorretxea eta Torrekua. Bien artean, Nafarroako atea zegoen. Mapari begiratzen badiogu berriro, hortxe topatuko ditugu elementu horiek, harresiaren goiko muturrean. Marrazkian agertzen den gisan, garai hartan, atearen gainaldetik dorretxe batetik bestera igaro zitekeen. Nafarroako atea eraitsi bazuten ere, gaur egun oraindik Torrekuako horman ikus litezke eskailera mailen arrastoak eta horien buruan zen atearen aztarna. |