burua

JUAN FRANTZISKO PETRIRENA BERRONDO, Xenpelar

Gure herriko eta Oiartzun arteko mugatik oso hurbil dagoen Senperelarre baserrian jaio zen, 1835eko urtarrilaren 12an.

Mutil koskorra zela Egurrola baserrira joan zen morroi, han izeba bat bizi zuelako. Garai hartan, Egurrolakoak mandazain ibiltzen ziren.

1859an ezkondu zen Maria Josefa Retegirekin eta hiru alaba izan zituzten.

Madalena kalera ezkondu zen. Han bizi izan ziren, baita ama, arreba Maria Luisa eta beste anaia bat ere.

Seguruenik, Xenpelarrek jakingo zuen irakurtzen, baina ez idazten.

Ehun Fabrika Handian lan egin zuen ehule baztangaz hil zen arte.

1869ko urrian hasi eta hurrengo urteko urtarrila bitarte, 30 lagun hil ziren gaitz berarekin, tartean Xenpelar eta haren arreba Maria Luisa.

Baztangak jota zeuden erien etxeak itxi egiten zituzten, eta otartxo batekin igotzen zizkieten leihora behar zituzten gauzak.

Urrian bertan, 25ean, hil zen bere emaztea. Xenpelarrek, ordea, Fabrika Handira joaten jarraitu zuen; bere azken oihal-pieza azaroaren 20an kobratu zuen.

Anaia gaixotu zenean, Maria Luisa joan zitzaion zaintzera haurdun bazegoen ere. Behin baztangak kutxatuta zegoen etxe batera sartuz gero ez zegoen ateratzerik; beraz, bertan erditu zen, anaia hil zen egun berean, abenduaren 8an. Esaten dutenez, osaba gela batean zen gorpu eta aldamenekoan arreba haurra egiteko antsietan. Abenduaren 17an hil zen haurra eta hurrengo egunean ama.

Plaza-gizon bikaina eta bertso-jartzaile paregabea izan zen Xenpelar.

Gaur egun askoz gehiago dira ezagutzen ditugun bertso-paperak plazan kantatutakoak baino; hala ere, idatzitako bertso andana galdutzat ematen da. Xenpelarrek paperak utzi omen zituen erruz. Paper horiek Joxepa Antoni Aranberri iloba bertsolariaren etxean egon omen ziren urte askoan, baina hark Bozas-Urrutiari eman zizkion, eta honek ez zizkion gehiago bueltatu. Galdu egin ziren, beraz.

Urte haietan hasi zen zabaltzen Euskal Herrian, batez ere, Xenpelarrek hasitako tradizioa: Bertso-paperak.

Bere bertso-paperak oso ezagunak ziren eta saltzeko erabiltzen zen esaldia hauxe zen: “bertso berriak, Xenpelarrek jarriak”. Gipuzkoan entzungo ez zuenik ez zen izango. Bertso famatuen artean hauek ditugu: “Iparragirre abila dela”; “Aizak, hi, mutil mainontzi”; “Azken juiziokoak”, Euskal Herrian bertso-paper gehien atera zituzten bertsoak, beraz, “Pasaiako herritik dator notizia”, eta “Ia guriak egin du” izan ziren.

Mugaz bestalde, Iparraldean eta Bizkaian kantatzen dira Xenpelarren bertsoak eta horrelaxe sortu zen lehen Bertsolari Eskola.

Xenpelar bat-bateko herri-saioetan paregabea izan zen, sen handikoa, zorrotza eta burutsua, eta gure herriko bertsolarien artean XIX. mendeko ezagunena izan zen. Berak asmatutako bertsoak euskal geografia osoan zabaldu ziren, eta gure egunotan ere bizitasunik handiena gorde dute.

Gai asko erabili zituen bere bertsoetarako: fartsa eta umorea; kritika soziala; kronikak; testamendua; filosofia gaiak; gai erlijiosoak.

Desafio ugari eta ezagunak egin zituen:
Muxarro bertsolariarekin, esaterako (ikusi dokumentua) etorriosa2.doc):

“Aizak i, mutil mañontzi,
Nagusiari goraintzi;
Ez al-akiken or pipa artzia
Ez zala lizentzi?...”

Jose Mari Iparragirrekin (ikusi dokumentua) etorriosa3.doc:

“Atoz gure kalera
baserritar legera
musika oyek utzita...”

Madalen kaleko bere etxean, Xenpelar etxean, plaka bat dago eta honela dio: “Petrirena tar Jon Pantzezka, “Xempelar”, bertsolari ospetsua, 1835 gko. Ilbeltzaren 13´an jaio zan eta etxe onetan 1869 ko. Abenduaren 8´an il zan. Orereta erri eta euzkeltzaleak arri oroigarri au ipiñi zuten. 1931 ko. Uzta-ren 24´ an.”

Koadernoko marrazkian, 4 zenbakia duen etxea da.