burua

B. ibilbidea

Berrozpin + Aitzetako Txabala + Txoritokietako Zutarria

Zamalbide auzoko baselizara iristerakoan, San Markoko gotorlekura doan errepidea hartu behar duzue (adierazita dago). Pistan gora hasi eta baselizatik 1,6 kilometrora, hainbat seinale dituen bidegurutzearekin topo egingo duzu. Jarraitu Txoritokieta mendia adierazten duen seinalea, ezkerretara, alegia.

Aldapan gora zoazela, eskuin aldean bidexka bat ikusiko duzu, trikuharria markatzen duen seinale hori bat du alboan. Handik abiatzen da arrasto zuria eta berdea duen bidea. Handik gora jarraitu.

Bidegurutzetik 300 bat metrora Aitzetako Txabala atsedenlekura iritsiko zara.

Han beste seinale batekin topo egingo duzu, aurrez aurre. Ezkerreko trikuharri seinale horiak Aitzetako Txabala adierazten du. Berehala zuhaizti batera helduko zara, hesiak babestutako eremuan erraz ikusiko duzu trikuharria.

Ondoren, bidean aurrera egin, kare-labe zahar baten ondoan igaroko zara. Aldapan gora igo eta norabideak adierazten duen beste zutabe bat aurkituko duzu. Hartu Txoritokieta adierazten duena. Hantxe eskuinetara atsedenlekua dagoen zelaia aurkituko duzu. Bertan ikusiko dituzu BERROZPIN I, II, III TRIKUHARRIAK.

Norabideen zutabera itzulita, Listorreta adierazten duena jarraitu behar duzu Txoritokietako zutarrira iristeko. Bide horri Floreaga bidea ere esaten diote. Mendi bide zabal batetik aurrera egingo duzu. Beste trikuharri seinale hori bat aurkitu arte jarraitu. Seinaleak mendian gora egiten duen eskuineko bidea adierazten du. Bidea jarraitu eta sagastia mugatzen duen hesiaren alboan jarraitu. Beste seinale hori bat topatuko duzu. Langa pasa eta hortxe aurkituko duzu zutarria, sagarrondo artean.

Bada beste aukera bat, nahiz eta aurrekoa baino deserosoagoa izan, zutarrira heltzeko. Jarraitu Txoritokietako gotorlekura igotzen den errepidetik. Bidea amaitzen denean, haitzen ondotik doan bidetik jaitsi. Kontuz egin behar da bidea. Ibilbide osoa egiteko beharko duzuen denbora, gutxi gorabehera ordubetekoa da. Atsedenlekuak mahaiak eta aulkiak ditu, beraz, leku egokia da ikasleekin bazkaltzeko edo hamaiketakoa egiteko.

Beste aukera bat da San Markoko aparkalekuraino autobusez joatea, eta San Markoko bidea oinez egitea. Handik Txoritokieta aldera doan bidea hartu eta bigarren bidegurutzean, ezkerretara, bidexka bat abiatzen da, Floreagara doana. Bide horretatik ezkerretara dago atsedenlekua.