burua

Andra Mari parrokia

Andra Mari parrokiaParrokiak ere ez du beti egun ezagutzen dugun itxura eta neurria izan.

Eliza oso antzinakoa da, bertan gure herriaren eta Oiartzungoaren arteko ebazpenak agindu baitziren 1384. urtean.

Frantziako gudarosteek 1512. urtean lapurretak egin eta eliza txikitu ondoren, 1523an parrokia berriz eraikitzea erabaki zuten. Lanak 1573. urtera arte luzatu ziren. Joera artistikoak “euskal gotikoa” deitua izan den korronte horri dagozkio.

Mende erdiko lana izan zen, behin baino gehiagotan eten zena, seguruenik, eraikuntzak sortzen zituen gastu handiei aurre egin ezin zielako. Kinka larri haietan eta diru sarrerak nolabait areagotzeko, erabaki bereziak hartu zituzten, esate baterako: hiribilduko itsasontziek lortzen zituzten etekinen erdia elizaren lanetarako gordetzea.

Parrokiaren eraikuntza, gainera, herritarrei, baserritarrei eta arrantzari ezarritako zenbait zergei esker ordaindu zen.

Herriko plazatik ikusten duzun ataria 1625. urtekoa da, eta egungo dorrea 1897. urtekoa.

Frantziako gudalosteek 1638. urtean lapurketak eta txikizioak egin zituzten herrian, parrokiako organu zaharra lapurtu egin zuten. Berria, 1893an inauguratu zuten.

Beirateak, Municheko ZETTLER etxeari eskatu zizkioten. Mundu Gerra lehertu zenean, jadanik Munichetik Amsterdam barrena zetozen beirateak ez ziren Pasaiako portura iritsi. Baoak zur zatiekin itxi behar izan zituzten eta hala egon ziren lau urte luzeetan. Gatazka bukatu zenean, erretoreak Amsterdameko portuan aurkitu zituen azkenean: kaxak ukitu gabe eta beira guztiak osorik zeuden.

Parrokiari egindako azken eraberritzea 2007an hasi zen eta eliza bi urtez itxita egon ondoren, gaur duen itxura hartu zuen.

Ama birjinaren koroatzeko erretaula da parrokiako altxor artistiko preziatuena, beharbada. Kondairak dioenez, Aragoiko Katalina, Gaztelako Errege katolikoen alaba eta Ingalaterrako Enrique VIII.aren lehen emaztearena izan zen. Erreginak Morrontxo dorretxeko Maria Lezo andreari oparitu zion, Ohorezko Dama gisa eskaini zituen zerbitzuak saritzeko eta hark, aldi berean, elizari eman zion.

Koruaren azpian Jesus Baratzean eta Jesus Gurutzea eramaten eskulturak daude, XVIII. mendeko bigarren erdiko kalbario miresgarri bat, eta Madalena penitentzigile guztiz eder bat, kondairak dioenez, Añarbeko ermitatik ekarria hura eraitsi zutenean.

Aldare nagusiko marmola Bizarain mendian zegoen Artxipiko harrobitik ekarri zuten, zumardian dagoen iturri izandako lorategikoaren gisan.