burua

ARANTZA IDIAZABAL GORROTXATEGI

Orereta ikastolako lehen andereñoa izan zen. 1945ean jaio zen, halabeharrez, Gaintzan (Gipuzkoa). Izan ere, ama irakasle zuen eta hango eskolara joan behar izan zuen familia osoarekin lanera.

Irakasle ikasketak egin zituen. Haiek amaitu baino lehen, Orereta ikastolan hasteko hitza eman zuen. Garai hartan, herrian kezka handia zegoen haurren hezkuntzaren gainean. Eskola adinean ziren hainbat haurren guraso eredu berri baten bila zebiltzan. Donostian eta Pasaian martxan ipini zituzten ikastolen entzutea ere bazuten: euskarazko hezkuntza eskaintzen zuten eta eredu pedagogiko berritzaileak. Halako zerbait ere eskaini nahi zieten herriko haurrei. Horiek izan ziren ikastolaren, eta euskarazko hezkuntzaren sortzaileak.

Talde hartako partaide bat zuen aita, Bittor Idiazabal, herrian euskararen eta kulturaren alde lan handia egin zuena. Egindako guztiaren oroimenez kale batek bere izena darama.

Ikasketak bukatu ondoren, Karmele Esnalekin egin zituen praktikak. Berarekin, eskolak emateko eta haurrak ikusteko beste modu, erabat berritzailea, ezagutu zituen.

Dozena pasatxo haurrekin hasi zen lanean 1963an “Pio Etxeberriarenean”, Santa Klara kalean, gaur egun Eguzki jatetxea dagoen etxean. Hori izan zen Orereta ikastolaren sorrera. Kontuan izan behar da, garai hartan, herriko gainerako ikastetxe guztiek gaztelaniaz soilik ematen zituztela eskolak eta hezkuntza oso zuzendua eta tradizionala zela. Kalean, gainera, euskararen presentzia hutsaren hurrengoa zen.

Pionetik Añabitarteko eraikuntzara iritsi arte,  Madalen kaleko pisu batean, Galtzarabordan, Aita Kaputxindarren komentuan, Iztietako elizan eta Juan Olazabelen egon zen ikastola.

Hurrengo urteetan, ikastola hazten zihoan heinean, herriko gainerako ikastetxeak euskara sartzen hasi ziren, pixkanaka. Lehenik, A eredukoak ziren eskola guztietan zenbait talde B eredura pasa zituzten. Ondoren,  D eredua zabaltzen hasi zen, gaur egun gure eskolek egiten duten eskaintza lortu arte.

Gaur egun, erretiratuta dago, ikastolan 42 urtez lanean aritu ondoren.

http://www.xn--eskerrikaskoandereo-d4b.com/pg/groups/412/arantza-idiazabal/