Higadura zuzendua |
Malbazarreko lepoan gaude, 420 metroko altueran. Lurzorua arbelaz osatuta dago, lurralde horrek, gainera, aldapa handiak ditu eta euri ugari jasaten ditu. Ondorioz, higadura edo erosio-arriskua handia da eta lurzoruaren geruza emankorretik mineralen galera gertatzea arrunta da. Mendian edozein gisara ibiltzeak baditu bere ondorioak. Zelai aldapatsu horretan, esaterako, bolada batean motorrez eta 4×4 ibilgailuz ibili ziren. Ondorioz, higadura garrantzitsuak sortu ziren, landaredia eta lurra desagertuz. Atzera bueltarik gabeko egoera bihur ez zedin, hondatutakoa zuzentzea zen hoberena. Horretarako, ingeniaritza biologikoa eta irizpide ekologikoak erabiliz, higadura zuzendu eta berriro berezko izaera eta paisaia berreskuratu da ingurunean. Lan horiek 1997an amaitu ziren, eta higadura egoera nolakoa zen, egin ziren lanak eta emaitza erakusten dituen panela dago bertan. Zelaia leheneratua dago egun. Handik gora abiatuko gara, muinoaren kaskoraino. Handik dagoen ikusmira aztertuko dugu. Iparraldera begiratuz gero, gure herria eta itsasoa ikusten dira, baserriak eta zelaiak ere. Txoritokieta eta Bizarain (San Marko) garbi ikusiko dituzue. Beste aldeetara begiratuz gero, basoak eta mendiak ikusten dira. Ezagutzen badituzue handik hainbat mendi identifika daitezke, aurrez aurre Urdaburu ikusiko duzue. Han goitik igelen putzua ikusiko duzue, zuen oinetara. Kaskotik utzitako bidexka hartu eta berehala, aldapan behera, bigarren helmugaraino helduko zarete. Iritsi baino pixka bat lehenago, mugarriak ikusiko ditugu; gure herriaren, Hernaniren eta Donostiaren arteko mugak adierazten dituen mugarria, hain zuzen. Aukera baduzue, mugarriak zer diren eta zein funtzio betetzen duten aipa dezakezue. Baita ere historian zehar izan duten garrantzia eta haien inguruan sortu diren gatazkak. |