Industrialdea |
Errepidera heltzean, ezkerretara eginez, Zamalbidera doan bidetik aurrera eginez, laster topatuko dugu trikuharria duen biribilgunea. Biribilgunean ezkerretara Masti-Loidiko industrialdean barneratuko gara. Berehala udaltzaingoa topatuko dugu. Aurrerago, herriko beste hainbat industria eta enpresa aurkituko ditugu. Bide zuzenaren erdialdean, errekaren beste aldean, Loidi baserri eraberritua ikusiko dugu. Aurrerago, beste biribilgune batera helduko gara. Bertatik, Zamalbidera doan bidearekin bat egingo dugu berriro, Isatseko maldaren behealdean, hain zuzen. Biribilgunean ezkerretara egiten badugu, industrialdetik jarraituko dugu, eta autopistako zubi berriaren azpitik aldapan gora abiatuz, Egiburuberri industrialdean barneratuko gara. Bertatik, Zamalbide aldera jarraitu dezakegu eta San Markoko gotorlekura joan edo Zentolenetik behera erdialdera joan gintezke. Biribilgunean aurrera egiten badugu, aldiz, bidea gurutzatu eta gora egiten duen bidea hartuz, berehala Txirrita-Maleo industrialdera joango gara. Ezkerretara Txirrita baserria ikusiko dugu. Aldapan gora eginez, San Markoko bidegurutzeraino iritsiko gara. Puntu horretan, ibilbideko beste aukeretako batekin jarrai dezakegu, San Markoko gotorlekura joateko aukera, hain zuzen. |