burua

KOLDOBIKA JAUREGI ETXENAGUSIA, Jautarkol

Herriko plazan, Beheko kaleko 2. zenbakian jaio zen, 1896ko ekainaren 21ean. Bertan dagoen oroigarriak hala dio: “Etxe honetan jaio zen Jauregi´tar Koldobika. Jautarkol olerkaria (1896-VI-21-1971-II-2) Errenteriako herriak jaiotzaren mendeurrenean esker onez (1996-VI-21)”.

Idazlea eta apaiza izan zen. Comillasen (Kantabria) ikasi zuen apaizetarako eta han, besteak beste, Orixe ezagutu zuen. Hark sortu zion idazteko zaletasuna.
1921ean, 25 urte zituela egin zen apaiz. Ondoren, Zuzenbide Kanonikoan lizentziatu eta Teologian doktore egin zen Comillaseko unibertsitatean.

Olerkaria, idazlea, artikulugilea, euskaltzale porrokatua eta euskaltzain izan zen. Euzkadi, Euskal-Erria, Irugarrengo Prantzizkotarra, Rentería, Euskal Esnalea edo Zeruko Argia bezalakoetan idatzi zituen bere olerkiak eta artikuluak. Era berean, ipuinak idatzi zituen. Ospea, ordea, Biozkadak, 1929, olerki liburuak eman zion.

Maiz aritu zen “Euskal Olerti jaietan”, eta haietan elkartzen ziren garaiko poeta ezagunak: Lizardi, Aitzol, Zaitegi, Loramendi eta abar, Euskal Pizkundea deitutakoan murgildurik.

Gerrak denbora luzean isilarazi zituen bere olerkiak, erbestean argitaratzen hasi ziren arte.

Saiakerak eta itzulpenak ere egin zituen, euskararen gorazarre eta haren geroaz kezkaturik. Gure herriari buruz ere asko idatzi zuen. Euskara batuaren beharra antzeman zuen eta euskaltzain urgazle izan zen.

Sariak ere jaso zituen: 1935ean, adibidez, Olerti Eguneko saria irabazi zuen Maite opari olerkiarekin.

Errepublika garaia bizia izan zen Jaurtarkolentzat, asko idazteaz gain, kultur animatzaile gisa ibili baitzen.

Gerra garaian kartzelan eduki zuten, Tolosan, harik eta apaiz karlista baten bitartekotzari esker handik atera ahal izan zuen arte.

Elizako agintari frankistek urtetarako zokoratu zuten, ondoren. 1952an argitaratu zituen gerra ondorengo bere lehen olerkiak erbestean argitaratzen zen Euzko Gogoa aldizkarian. Beldurrak eta zentsurak gerra aurretik poeta handia izan zena hutsaren hurrengo bihurtu zuten.

Aldeko giroak lagundurik idazten hasi zen berriz. Garai hartako lan esanguratsuena Camilo Jose Celaren La familia de Pascual Duarte lanaren itzulpena izan zen.

Hiru ipuin bilduma egin zituen: Egiazko edertasuna, 1923; Ipuiak, 1924; eta Ipuiak berriz ere, 1953. Jaungoiko-Txikiri buruzko ipuina ere idatzi zuen ere Oarso aldizkarian.

Saiakera eta biografiaren artean dauden bi lan egin zituen: Xenpelar bertsolaria, 1958an; eta Loramendi olerkaria, aren garai barruan ikusia eta aztertua, 1959an.

Bere azken urteak Zarautzen egin zituen, 1971ko otsailaren 2an hil zen arte. Egindako lana eskertu nahirik, Zarauzko udalak bere izena ipini zion kale bati. Gure herrian, berriz, plaza batek darama bere izena, Torrekua dorretxearen aurrean dagoenak, zehazki.

Urtero, Jaurtarkol Olerki Saria ere antolatzen da ere haren omenez.

http://www.euskara.euskadi.net/r59-bidegile/eu/euskara_sustapena/bidegileak/indice_e.asp
http://www.armiarma.com/emailuak/itxaropena/jaut.htm
http://hedatuz.euskomedia.org/5557/
http://zubitegia.armiarma.com/?i=290
http://www.youtube.com/watch?v=auOZ8sOokMk&feature=related