burua

JON MAYA SEIN

Koreografo eta dantza zuzendaria da. 1977ko azaroaren 5ean jaio zen.

Sei urte zituela, Ereintza Dantza Taldean ikasi zituen lehenengo dantza urratsak. Bertan jaso du dantza tradizionalean duen formazioa.

Dantza taldearekin hainbat folklore saio eta nazioarteko jaialditan parte hartu du. Gaur egun ere, talde horretako kide eta dantzari da.

Kazetaritza ikasketak egin zituen EHUn, eta hasiera batean kazetari eta dantza maisu lanak tartekatu bazituen ere, laster dantzaren bidea jarraitzea erabaki zuen.

1999an Laxok taldea sortu zuen beste batzuekin, eta Upeletan Erronka ikuskizuneko dantzari gisa jardun zuen.

2001ean Kukai Dantza Konpainia sortu zuen, eta gaur egun bertan dihardu buru-belarri lanean konpainiako zuzendari, koreografo eta dantzari gisa.

Bakarlari gisa, Euskal Herriko Aurreskulari Txapelduna izan da zazpi aldiz: 1997an, 1998an, 1999an, 2000an, 2002an, 2004an eta 2005ean.

Musikari eta artista ugarirekin aritu da elkarlanean, besteak beste: AIKO taldea, Juan Mari Beltran, Jose Inazio Ansorena, Joserra Senperena, Iñaki Salvador, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Bilboko Orkestra Sinfonikoa, Carlos Nuñez, Andoni Egaña, eta Jon Maia.

1997az geroztik, Errenteria Musikal Musika eta Dantza Eskolako irakasle da, eta, dantza tradizionala irakasten du, hain zuzen.

http://www.kukai.info/eu/jon-maya-sein.html