Manufacturas del Yute: Alpargata zolak |
Lantegi honen izena, “Sociedad de Manufacturas del Yute de San Sebastian” zen. Niessen lantegiaren aldamenean zegoen, Vicente Elizegi kalea dagoen lekuan. Gaur egun, Niessen Kulturgunearen zati bat dago bertan. Lantegi honetan, jutea txirikordatu eta alpargatentzako zolak egiten zituzten. Lantegi hori 1900ean zabaldu zuten. Urte batzuk geroago, Kataluniako “Caral, Perez y Cïa”k erosi eta modernizatu zuen. Bi gertaerarengatik izan da, batez ere, ezaguna lantegi hori. Alde batetik, 1919an, bertako emakume langileek greba deitu zuten. Istiluak izan ziren eta ordena publikoak etorri behar izan zuen. 1942an, berriz, Gerra Zibila amaitu berria zela, beste lan batzuen artean Oiartzun ibaia desbideratu zuten Langile Batailoietako kideak, “trabajadoreak”, han izan zituzten bizitzen. Gainerako “trabajadoreek” pairatu zuten gisan, Juteko lantegian izan zituzten lagunek oso bizi-baldintza gogorrei aurre egin behar izan zieten. Hantxe sortu zen, urte hartan, hainbat langile kutsatu zituen tifusa. |