Kapitain etxea |
Gaur egun Kapitain etxea izenez ezagutzen den eraikuntzak herriko historiako lehenengo urteetan du jatorria. Garai hartan Uranzu familiarekin lotuta agertzen da. Antza, famili hori Oiartzun bailaratik etorri zen Orereta auzoa populatzera. Etxe horretakoak ezagunak ziren itsasorako ontzigile gisa. Matxin Uranzu itsas kapitainaren, edo Matxin Errenteriakoa, jaiotetxea izan zen. Kapitaina, Bizargorri piratarekin borrokatu zen urruneko itsasoetan. Hortik datorkio Kapitainaren etxea izena. Gaur egun bi etxe badira ere, hasiera hartan etxe bakarra zen. Beranduago, etxea Juan Iturrizarena izan zen. Hark agindu zuen gaur egun fatxada nagusian ikusten ditugun bi armarriak zizelkatzea: Uranzutarrena eta Iturrizatarrena. Azken jabe berri hori dela eta, Iturrizako etxea ere esaten zaio. Torrekuan gertatu bezala, hemen ere etxea erdibitu egin zen etxebizitza arruntak egiteko. Gaur egun Kapitain etxea dena 1984an erosi zuen Udalak, erdi erorita zegoena birgaitu eta kultura-etxe bilakatu zuen. Arkitektura aldetik aipagarriena fatxada nagusiko teilatu-hegal azpian agertzen den erlaitza da. Erdi Aroan, eta beranduago ere, XIX. mende arte, Kapitainenea kalea Bengoerrotaraino heltzen zen jarraian, baina Biteri txiki kalea eraiki zutenean, hainbat etxe eraitsi eta kalea erdibitua geratu zen, Santa Maria eta Santxoenea kaleekin gertatu zen antzera. Nahi izanez gero, Kapitainenea kalean aurrera egin genezake, Biteri txiki arte. Kale horretatik barrena joan gintezke Santa Maria kaleraino, edo Santxoenea kaleraino. Zuk erabaki, helburua Herriko plazara heltzea baita. Bi kaleetako etxeetan armarri ederrak topatuko ditugu. Santxoenea kalea eta Madalen kaleko ertzean Kanttalen etxea topatuko dugu. Haren leihoei begira Erdi Aroan trebatzen ari zaizkizun ikasleak laster ohartuko dira Erdi Aroko eraikuntza ederra dela. Hautatu duzun bidea hautatuta, Herriko enparantzara eramango zaitu. Plazan Erdi Aroko hainbat eraikuntza topatuko dituzu. Aurrez aurre, elizarekin Elizako kalea osatuz, Txikitoren kantoia ikusiko duzu. Egun hutsik dagoen etxe horretan XX. mendearen hasieran Txikitoren-fonda izeneko taberna zegoen eta horrek emango zion izena. Hala ere, etxea behatuz erraz antzeman litekeen bezala, etxea Erdi Arokoa da. |