Kirol instalakuntzak eta gotorlekuak |
Errepidera heltzean eskuinetara eginez gero, laster Pontikara helduko gara. Aurrera jarraituta, Beraun aldera igotzen den aldapa topatuko dugu. Hortik gora joango gara. Aldaparen erdialdean, ezkerretara, frontoi estalia ikusiko dugu. Gaur egun, eskubaloi-partida asko eta entrenamenduak bertan egiten dira. Aurrerago, ia gora heltzen garenean, atletismo-pista eta futbol-zelaia ikusiko ditugu. Gorago jarraituko dugu, ordea. Muinora iritsitakoan, biribilgune bat aurkituko dugu. Han, ezkerretara egin eta autopista gaineko zubia igaroko dugu. Handik aurrera, Langaitz ikastola alde batera utzi eta eskuinaldeko bidea jarraituko dugu San Markoko gotorlekuraino. SAN MARKOKO GOTORLEKUA San Markoko gotorlekua 1888an eraiki zuten. Kokalekuari dagokionez, Oarsoaldea eskualdeko behatoki naturala da eta bertatik Kantauriko kostaldea ere ikus daiteke. Txoritokietako gotorlekuarekin batera eraiki zuten, eta biak Pasaiako portua, Donostia eta gure herria defendatzeko “Oiartzungo lubaki eremua” egitasmoaren parte ziren. Orain, garrantzizko eremu turistiko-kulturala izateko eraberritzeko lanak egin dira bertan. Bazkari legea egiteko leku aproposa da inguru hau. Gotorlekuaren inguruan mahaiak eta aulkiak daude eta baita iturria ere. Nahi izanez gero, Txoritokietako gotorlekura joan gintezke. Kontuan izan gotorleku hori egokitu gabe dagoela, eta, beraz, ikasleei arretaz ibiltzeko eskatu beharko diegula. Beste aukera bat, Beraungo auzoa zeharkatu, eta Parke kaletik Galtzarabordako topo geltokira jaistea da. Haren ondoan topatuko dugu kiroldegia. |