burua

JUAN KOLDO MITXELENA ELISSALT

Goiko kalean jaio zen, 1915eko abuztuan. Artisau familiakoa zen. Gaztetxo zela, gaixotasun batek ohean egotera behartu zuen luzaroan. Orduan piztu zitzaion irakurzaletasuna eta euskararekiko isuri bizia.

Abertzaleak zituen etxekoak, eta berak ere gaztetatik eman zuen izena ELAn eta EAJn. Euskaltzaleak gazte mugimenduan parte hartu zuen.

Laneran hasi zen lanean eta aldi berean ikasketekin jarraitu zuen. Mitinetara joaten hasi zen. Garai hartan sentitu zuen, hain zuzen, gerra aurreko euskal literaturarako interesa.

1936ko altxamendu militarra gertatu zenean, abertzaleekin boluntario joan zen. Santoñan preso sartu zuten eta heriotza-zigorrera kondenatu zuten, 1937ko irailaren 7an. Zigor hori, 30 urteko kartzela zigorragatik kommutatu zioten urte batzuetara.

Burgoseko kartzelan zegoela hainbat intelektual eta unibertsitario ezagutu zituen eta haietako batek konbentzitu zuen ikasketa unibertsitarioak egiteko.

Herrira itzuli zenean osasunez patal xamar zebilen. Herriko enpresaburu batek kontulari-postua eskaini zion Madrilen. Hara joan zen lanera eta klandestinitatean murgildu zen. Garai hartan, diktaduraren kontrako oposizioak pentsatzen zuen Bigarren Mundu Gerra aliatuek irabaziz gero, Francoren erregimena eroriko zela.

1946ko apirilaren 10ean atxilotu zuten CNT eta EAJ taldeekin harremanak zituelakoan. Bi urteko kartzela zigorra bete zuen.

1948an itzuli zen herrira, baina Madrileko Filosofia eta Letretako fakultatean matrikulatu zen.

50eko eta 60ko hamarkadak oso garrantzitsuak izan ziren Mitxelenarentzat, garapen intelektual handia izan baitzuen. Diru aldetik eskas zebilen, ordea, eta aldi bereko lan bat baino gehiago egin behar izan zituen bizibidea ateratzeko. Aurrekari penalak zirela eta, ez zitzaion erraza egin lan finkoa aurkitzea. Zenbait lagunek, ordea, bazuten haren ahaleginaren eta balioen berri. 1949an ezkondu zen Matilde Martinez de Ilarduyarekin.

1954an Julio de Urquijo Euskal Filologiako Mintegiko zuzendari izendatu zuten eta Egan aldizkariko erredakzioan parte hartzen hasi zen.

Aldi berean, Salamancako unibertsitatean eskolak ematen hasi zen. 1958an Euskal Hizkuntza eta Literaturako katedra hartu zuen Salamancako unibertsitatean, euskarari Espainiako unibertsitate batean eskainitako lehenengoa, hain zuzen. 1959an doktoretza lortu zuen. 1968an Indoeuropar linguistikako irakasle izan zen.

Salamancan eskolak ematen hasi zen garai bertsuan Euskaltzaindiak ardura handiko enkargua eman zion: euskara idatzia batzea. Eztabaida handiak izan ziren garai hartan, batez ere H letraren erabileraren gaiarekin. Euskara batua eraikitzerakoan bere ikuspegia ez zen hizkuntzalari huts batena izan, soziolinguistika arloko ekarpenak ere gogoan izan baitzituen.

Argi ikusi zuen euskara batua erdialdeko euskalki erabilienen gainean eraiki behar zela. Era berean, etorkizuna nondik joan zitekeen ikusi zuen eta orduko gazte euskaltzaleek zuten sentsibilitatearekin konektatzen jakin zuen.

1969. eta 1971. urteen artean Euskal Hizkuntzalaritza Konparatua irakatsi zuen Parisko Sorbonako unibertsitatean.

Bokazio handiko hizkuntzalaria izan zen eta hainbat hizkuntzaren ezagutza zuen.

Literatura irakurle amorratua zen eta zinea ere oso gogokoa zuen. Zine-kritikak idatzi zituen eta epaimahai, ekitaldi kultural eta abar ugaritara deitzen zuten. Bestalde, hezkuntza eta kultura arloko erabakiak hartu behar zirenean maiz joaten zitzaizkion aholku eske.

Euskal Herriko Unibertsitatearen sorreran parte hartu zuen, baita normalizazio kulturalean ere.

Azken urteetan Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle izan zen eta euskal filologoen lehen promozioak prestatzen jardun zuen. Urte luzez Euskal Hiztegia prestatzen aritu zen. Orotariko Euskal Hiztegia inprimatu aurretik hil zen.

Bere lanak hauek izan ziren: Apellidos vascos, 1955; Historia de la literatura vasca, 1960; Fonética histórica vasca, 1961; Lenguas y protolenguas,1963; Textos arcaicos vascos, 1964; Sobre el pasado de la lengua vasca, 1964; Mitxelenaren idazlan hautatuak, 1972; Mitxelenaren idazlan hautatuak, 1988; Orotariko euskal hiztegia, 1987-2005.

Egindako lana eskertzeko, bere izena jarri zioten Gipuzkoako liburutegi eta kulturguneari. Era berean, herrian ere bere izena eman zioten plaza bati.

1987ko urriaren 11n hil zen.

Goiko kalean dagoen bere jaiotetxean honela dion plaka dago:
“1915-1987. Hemen jaio eta bizi izan zen Koldo Mitxelena jauna, hizkuntzalari ospetsua izan zena, eta Errenteria hiriko seme kuttuna.
Errenteria 1988ko urriaren 11an.”

Koadernoko marrazkian, 2 zenbakia duen etxea da.