Kultura azpiegiturak |
Errepidean eskuinaldera eginez, laster Pontikako auzora helduko gara. Aurrera jarraitu eta Madalenako ermitaraino iritsiko gara. Madalen kaletik aurrera egingo dugu. Kalearen hasieran, eskuinera, turismo bulegoa eta liburutegia dagoen etxea aurkituko ditugu. Urte luzeetan, etxe hori Guardia Zibilaren kuartela izan zen. Haien ondoren, Polizia Nazionala egon zen. Alde egin zutenean, 1979an, hutsik geratu zen. Urte batzuk beranduago, nolabait egokitu eta musika eskola jarri zuten bertan. Azkenik, gaur egun eskaintzen dituen zerbitzuak eskaintzeko egokitu zuten. Maria Lezo kaletik aurrera jarraituko dugu, Niessen plazaraino. NIESSEN Gaur egun ezagutzen dugun eraikuntza eta plaza hori, garai batean Niessen izeneko lantegi handia izan zen. Gaur egun, esan dezakegu, herriko kulturaren bihotza dagoela bertan. Alde batetik, Kontserbatorioa dago, Udal Musika Eskolarekin eta Udal Dantza Eskolarekin. Bestalde, Xenpelar Arte Plastikoen Udal Tailerra Niessenen kokatuta dago. Gainera, herriko auditorio bakarra ere bertan dago. Auditorio horretan, dantza, musika, zinema, eta antzerki ikuskizunak eskaintzen dira herritarrentzat. ERESBIL Niessenen aurkitzen da Eresbil musika artxibategia. Bertan, Euskal Herriko musikarien lanak gordetzeko eta zabaltzeko lan egiten dute. Interesa baduzue bisita daiteke. Haien ordutegia astelehenetik ostiralera artekoa da, goizeko 10:00etatik 17:00etara. Komeni da, hala ere, aldez aurretik bisita adostea. Horretarako telefono honetara deitzea nahikoa izango duzue: 943 000 868. Niesseneko eraikuntzan daude, baita ere, egun herrian dauden zinema-areto bakarrak. Garai batean, hiru zinema-areto izan genituen herrian. Haiek desagertu ziren, eta urte luzeetan zinema-aretorik izan ez genuen arren, gaur egun Niessenen ditugu hainbat areto txiki. Zinema dagoen lekuan, hura eraiki arte, Udal Frontoi zaharra zegoen. Azkenik, Niessenen azpialdean Udal Merkatua dago: arrandegiak, harategiak, fruta-dendak, baserritarrak eta abar. Haiek ikustea ere interesgarria litzateke.Niessenetik irten eta Biteri kalean zehar aurrera joatea proposatzen dizuegu. Oraingoan Iztietaraino, edo zehatzago esanda, Ondartxoraino joango gara. Han, Udal Hiltegi zaharra, edo mataderoa, aurkituko dugu. UDAL HILTEGI ZAHARRA Urte asko dira hiltegia hutsik dagoela. Hala ere, garai batean oso garrantzitsua eta funtsezkoa zen hiltegia herriarentzat. Historian zehar beste kokaleku zenbait izan ditu, horren aurrekoa, Biteri eskolen ondoan dagoen Fernandez de Landa plazan. Garai batean, hara eraman behar zituzten hiltzera herritarren elikagai izango ziren aziendak. Dudarik gabe eraikuntza ederra izaten jarraitzen du hiltegi zaharrak. Gaur egun, Hibaika arraun elkartearen egoitza da, eta herriko Arraun Eskola ere bertan dago. Izan ere, garai batean, herriak Hibaika izeneko traineru ospetsua zuen, estropada entzutenetsuenetan parte hartzen zuena, gainera. |