burua

Sociedad de tejidos de lino, fabrika handia: Lihozko oihalak

Lantegiaren izena “Sociedad de Tejidos de Lino” zen arren Fabrika Handia esaten zioten herrian. 1845ean sortu zen, eta herriko lehen lantegi modernoa izan zela esan genezake. Lantegiaren erditik Fanderiatik Beingoerrotaraino zihoan ubidea igarotzen zen. Gaur egun, han, Lehendakari Agirre plaza dago. Fabrika Handian ehunak eta oihalak egiten zituzten. Oso famatuak ziren bertako harizko maindireak.

XX. mendearen hasieran, herriko industria garrantzitsuenetakoen artean zegoen. 1903an, Papelera, Fabrika Handia eta Olibeten artean 1.000 langile zituzten. Fabrika Handian, zehazki, 246 langile aritzen ziren: 181 gizon eta 65 emakume.

Herriko ekonomiaz gain Gipuzkoako ekonomian ere garrantzia handia izan zuen lantegi horrek. Hain zuzen, Gipuzkoan sortutako lehenengo Elkarte Anonimoa izan zen eta herritar asko aritu ziren lanean bertan 130 urtez.

Hasieran oihalak eskuz egiten zituzten, horretarako lantegiak 200 ehundegi zituelarik. 1850ean 519.498 metro oihal ekoiztu zituzten. 1861ean, berriz, 1.340.640 metro oihal ekoiztu zituzten herrian lan horretan ari ziren lau lantegietako 900 langileek. Urte oparoenak izan ziren.

Garai zailak iritsi zitzaizkien, ordea, eta mekanizaziorantz jo behar izan zuten, modernizatu ezean lantegiek ixteko arrisku handia zuten-eta.

1920an lantegiko emakume langileek bi hilabeteko greba gogorra egin zuten lan baldintza hobeak eskatuz eta kaleratua izan zen lankide baten alde.

Jende ezagun ugarik lan egin zuen Fabrika Handian. Haien artean, Xenpelar bertsolaria, haren arreba Maria Luisa eta baita azkenaren alaba eta lehenaren iloba zen Joxepa Antoni Aranbarrik ere. Esaten dutenez, Xenpelar anai-arrebak elkarri bertsotan aritzen ziren lanean ari ziren bitartean, inguruan zituztenen gozamenerako.

Besteen artean, Espainiako erreginaren armadarako kapak eta janzkiak ekoiztu zituzten. Herriko garraiolari baten idi pareak eramaten zituen Pasaiako porturaino, artean garai hartan kamioirik ez zen eta.

Fanderiatik zetorren eta lantegia zeharkatzen zuen ubidean bertan garbitzen zituzten lihozko oihal eta maindireak, ur haiek oso garbiak baitziren.

Ondoren, uretan garbitutako oihalak langileek gurdietan eramaten zituzten Fanderiako zelaietan zabaldu eta eguzkitan zuritzeko. Horregatik, urte askotan ohikoa izan zen Fanderiako zelaiak oihal zuriz beteta ikustea.

1975ean itxi zituzten lantegiko ateak, industrializazioaren krisialdiak eraginda.

Gaur egun, lantegi handi hartaz geratzen den aztarna bakarra, Santa Klara kaleko 24. zenbakian, etxea inguratzen duen harrizko horma txiki batean txertatuta dagoen mugarria da. Lantegiaren mugak zeintzuk ziren ezartzeko jarri zituztenetako bat da, oraindik zutik dagoena. Harriak, S, T, L hizkiak ditu, “Sociedad Tejidos de Lino” adierazi nahi dute, hain zuzen.

Azkenik, Udalak 1982an erabaki zuen lantegia eraistea.