Madalena ermita |
Hasiera batean herriko, Gipuzkoa eta Nafarroako legenardunen ospitalea ere izan zen. Horregatik, eta gaixotasunak suposatzen zuen arriskua zela medio, hiribilduko harresitik kanpo eraiki zuten. Madalena legenardunen zaindaria denez, hortik etorriko zaio izena ermitari. Ez da zehazki ezagutzen noiz eraiki zuten. Zenbait autoreren arabera, ospitalea 1320. urtean eraiki zuten, eta ermita, berriz, 1500 urte inguruan. 1547. urtean, Udala ermita berreraikitzekotan zen. Beraz, hortik ondoriozta dezakegu askoz ere lehenagotik eraikia zela. Legenardun leku gisa, XVII. mende erdiraino erabili zen, antza. Legenardunen lekuak, berez, legenardunak herrietatik aparte bizi ziren herrixkak ziren, oinarrizko osasun eta karitatezko zerbitzuak zituztelarik. Ondoren, hainbat gerratako tropek hartu zuten. Eta 1866an kanpai lantegi bilakatu zen. Ordurako, oso hondaturik zegoen. Udalak biltzen zituen laguntza eta limosnei esker iraun zuen. Baita, Bengoerrotak zituen irabazien laurdenari esker. Herrian ermita esaten bazaio ere, Madalena Basilika da. Bertan, barruan, herriko zaindaria den Madalena deunaren irudia gordetzen da. Urtean behin soilik irteten da ermitatik, Madalena egunean parrokiara joateko. Orduan, dantzariak, Udal banda eta Udal korporazioa bila etortzen zaizkio eta lorez apainduta eta musikaz lagunduta egiten du parrokiarainoko ibilbidea jaien egun handian. Madalen kaletik aurrera jarraituko dugu. Kale honetako etxeak aspaldikoak diren arren, han ez dugu Erdi Aroko arrastorik topatuko, Madalena kalea geroago egindako zabalpena baita. Foru plazaren ondoan igaroko gara. Erdi Aroan orain gure ezkerretara geratzen den guztia portua zen. Foru plaza itsasontziz beterik zegoen, hortaz. Harresiaren atera heldu gara. Gure ezkerretara, Foru plazan barrena lerrokatuta dagoen etxe ilara horrek Erdi Aroan hiribilduaren itsasoko harresia osatu zuen. Errebaleko atea egon zen lekuan, gaur egun, bi etxeen arteko pasabidea besterik ez dago. Begira diezaiogun mapari. Hor lehen planoan agertzen den ate hori Errebaleko atea da, juxtu gu orain gauden kokagunea. Atea igaro eta aldapan gora abiatuko gara. Berehala, eskubitara Mikelazuloko pasabidea ikusiko dugu. Gu ere hortik zehar abiatuko gara. |