burua

Morrontxo

MorrontxoGoiko kalean eskubira dugun dorretxea da.

Hiribildua defendatzeko eraiki zuten. Haren eraikuntza estiloak Europa iparraldeko eraikuntzen eragin garbia du.

Mendebaldeko fatxadak izan ezik, gainerakoek teilatutik gertu modiloiak dituzte. Haien eginkizuna defentsarako erabiltzen zituzten egurrezko egiturei eustea zen. Egurrezko talaia gisako haietan soldaduak kokatzen ziren.

Ekialdeko eta hegoaldeko hormak lodiagoak egin zituzten, defentsarako eraginkorragoak izan zitezen. Fatxada nagusia, Goiko kalera ematen duena, harlanduzko harriz egindakoa da eta gainerakoak kareharriz eginikoak dira.

Hegoaldeko fatxadan, harresien kanpoaldera, Topoko geltokitik ikus daitekeen aldea, alegia, soilairu nagusiko ezkerraldean eraikuntza txiki bat ikus genezake, ziurrenik Erdi Aroko komuna izango zena.

Mendebaldeko fatxadan dorre almenatu dotorea ikusiko dugu, ipar-ekialdekoan eskubiko erdialdean bost harri azaleratzen dira. Antza, dorrearen inguru osoa almenaduna izan zen, baina egun arrasto horiek besterik ez dira geratzen.

Sarrerako atea arku zorrotzekoa da.

Ez da ezagutzen zein urtetan eraiki zen dorretxea. Hala ere, jasota dago nortzuk izan ziren haren jabeak. Haietako bat, Juan de Olazabal kapitaina izan zen. Horregatik, Sanjuangua izenez ere ezagutzen da dorretxea.

Juan de Olazabal hiribilduko alkatea izan zen XVI. mendearen amaieran. Gainera, hainbat errotaren jabea zen eta itsas enpresaria: 17 galeoi handi eraiki ziren haren aginduz.

Hala ere, urte asko dira dorretxea etxebizitzetan banatu zela, eta etxebizitza arruntez osatua dago.