burua

Partzela

Bidetik hariztia behatzeko eskatuko diegu: haritz guztiak antzeko adinekoak diren, ikusten ote dituzten haritz bereziak eta abar.

Seguruenik berehala ohartuko dira haritz batzuk gerritik ebakita daudela. Zer gertatzen ote zaie zuhaitzei gisa horretara gerritik mozten dituztenean? 

Lehen aipatu dugu hildako zuhaitzek basoan duten eginkizun garrantzitsua. Aipatu dugu ere, Añarbeko basoak, ustiapenen ondorioz, nahikoa baso homogeneoak direla, antzeko adineko zuhaitzak dituztela. Baso hetereogeneo batean zuhaitz batzuk gazteak dira, besteak zaharrak, besteak landareak… eta denak dira beharrezkoak basoa osasuntsu eta aberats izateko.

Añarbeko basoko zuhaitzak heldu bitartean, tartean batzuk moztu dira basoak egur hila izan dezan. Lurrarentzat elikagaia izateaz gain, animalia askoren babeslekua dira. Bestalde, zuhaitz hil horiek landare askorentzako ekosistema egokiak dira: likenak, goroldioak eta beste hainbat espezierentzat, esaterako. Eta horiek guztiek, bioaniztasuna aberasten dute.

Bistan dugun partzela horrek hektarea bateko hedadura du. Añarbeko Herri Basoan gisa horretako hogei partzela daude, proba moduan.

Metro batzuk aurrera egitera animatzen bazarete, bihurgunetik eskuinera hosto artetik begiratuz, Añarbeko urtegia ikusi ahal izango duzue han behean. Bertaraino joan nahi baduzue bidea jarraitzea besterik ez duzue, baina kontuan izan orain aldapa behera erraz egiten ari zareten bidea gero aldapan gora egin beharko duzuela.

Atzera egingo dugu berriro, Malbazar gaineraino. Bidean basoari, hariztiei, pagoei eta abarri buruz ikasi ditugunak ikusteko aukera asko izango ditugu. Egokiak iruditzen zaizkigun lekuetan gera gintezke parajeak behatzeko eta ondorioak ateratzeko.