Torrekua |
Morrontxo dorretxearen aurrez aurre dago, eta haren gisan hiribildua babesteko eraiki zuten. Bi dorretxeen artean, beraz, Nafarroako atea zaintzen zuten. Dorretxea barrutik bitan banatua dago. Goiko kalean aldamenean dagoen zatia, Morrontxon antzera, etxebizitza arruntetan banatu zen, eta etxejabeena da. Iparraldeko zatiari dagokionez, sute baten ondoren utzita egon zen urte luzeetan Udalak erosi zuen arte 1995. urtean, ia erortzear zegoela. Zaharberritu egin zuen eta zenbait museo kokatu ditu han, tartean Euskal Jantzien museoa. Torrekuak, hegoaldeko fatxadan, Goiko kale aldera dagoenean, sarrerako bi ate zituen. Bata beheko solairuan eta bestea lehenengoan. Azken horretara, kanpoan zuen eskailera batetik joaten zen. Egun, haien arrastoak garbi ikus ditzakegu. Ez da ezagutzen noiz eraiki zuten, baina 1494. urterako jada konpondu zuten. Artxiboan jasota dago ere zeintzuk izan ziren dorretxe horren jabeak. Torrea eta Urdinso izenaz ere ezagutu da dorretxea. Independentziako gerran etxea hutsik geratu omen zen eta hori zela-eta, 1813. urtean, ingeles armada aliatuaren gudarosteak bertan egon ziren. Dorretxeak aurpegi misteriotsu bat du zizelkaturik. Bere kokalekutik mendeak daramatza Goiko kalean zehar gora eta behera dabilen jendea zelatatzen. Orain ere guri begira dago. Ea nork aurkitzen duen! Bi dorretxeak ikusi ondoren, jarrai dezagun ibilbidea. Beherantz joanda Jaurtarkol plaza aurkituko dugu. Handik gora begiratuz, Goiko kaleko etxeek eskaintzen diguten ikusmira aparta izango dugu. Erdi Aroko etxe haiek gutxi gorabehera nolakoak ziren irudikatzeko aukera polita eskainiko digu ikuspegi horrek. Plazatik behera Orereta kalea dugu, bertan etxe eta atari zaharrak ikusteko aukera izango dugu. Torrekua ondoren dagoen etxea Arranbide etxea da. Haren atzealdean egongo zen mapan ikusten dugun bastioia. Aldapak Erdiko kalearekin bat egiten duen lekuan herriak zuen hurrengo atera helduko gara, Frantziako atea. |