Udaletxea |
Gaur ezagutzen dugun eraikuntzak aldaketa eta zabalkunde asko izan ditu urteen joan-etorrian. Arkupeak zituen eraikuntza izan zen jatorrizko eraikuntza, pisu bat gutxiagorekin. Herritarrak ordu arte parrokiako koruan eta etxe pribatuetan egiten zituzten bilerak egin ahal izateko eraiki zuten 1603. urtean. Eraiki eta berehala frantsez gudaroste batek su eman zion herriari. Herritarrek 30 urte behar izan zituzten eraikuntza leheneratzeko. Erabilera hauexek zituen eraikuntza berritu hark: behean kartzela, lehen solairuan Udaletxea eta bulegoak eta azken solairuan mutilentzako eskola, neskak ez baitziren garai hartan eskolara joaten. 1905. urtean eskola kendu eta alkatetza eta hainbat bulego ipini zituzten. Urtebete beranduago hirugarren solairua eraiki zuten, atezainaren etxebizitza izateko. 1925. urtean, Kapitaneneako alboko bi etxe erosi zituen Udalak udaletxea handitzeko. Beranduago, Herriko plazako alboko etxea erosi eta gehiago zabaldu zuten udaletxea. Eta azkenik, ondoko etxea ere eraberritu zuten, udaletxea Santa Maria kaleraino helduz. Bere fatxada nagusian udaletxeak lau arku ditu. Lehenengo solairuko balkoien erdian herriko armarria ikus dezakezue. Urte askotan uste izan da armarri hori zela herriko zaharrena. Kapitanenea kaleak ere baditu arkuak. Jatorrizko udaletxearen horman eguzki erlojua dago, ea topatzen duzuen! Hori izango zen, seguruenik, herrian izan zen lehen erlojua, eta bakarra urte askotan. Herriko plazara itzulita, bertan dagoen beste eraikin garrantzitsu bat, zalantzarik gabe, parrokiako da. |