burua

Malbazarreko urmaela

Mendi-putzuak habitat urriak izanik ere, ezinbestekoak dira mehatxatutako hainbat fauna eta flora espezie baliotsuk bizirik iraun dezaten. Añarbe Mendi-basoaren inguruan, halako guneen gabezia nabaria da. Ondorioz, anfibioek basoko pistetan sortzen diren putzuetan erruten dute. Ugalketa garaian, ordea, putzu txikiak lehortu egiten dira edo arrautzak zapalduak izateko arriskua dute, ugalketa zapuztuz, maiz.

Espezie horientzako babesleku bat sortzeko eta bioaniztasuna areagotzeko, 2004ko ekainean eratu zen hezegunea. Bertako ur-maila euriaren ekarpen naturalaren arabera aldatzen da, eta hari esker, baso igel gorria, uhandre palmatua eta arrabio arrunta gisako hainbat baso-anfibioren presentzia hobetu da.

Urmaela, bestalde, edontzia da hegaztientzat eta habitat aproposa burruntzia gisako intsektu mehatxatuentzat.

Urmaelean bertan duzue xehetasun guztiak eskaintzen dituen panela.

Urmaeletik bertatik abiatzen den bidezidorra hartu beharko duzue. Urdaburu aurrez aurre dugula norabide horretan jarraitu beste 3 minutuz edo. Bide zabalago batekin topo egingo duzue. Bidegurutzea adierazteko seinalea ikusiko duzue, aurrez aurre. Bidegurutzean ezkerretara egin eta jarraitu. Berehala, Añarbeko urtegira jaisten den pistarekin bat egingo duzue. Eskuinera egin, langa pasa eta pista horretatik jarraituko dugu.

Oinez 10 minutu egin ondoren, pagadi bat aurkituko duzue ezkerretara. Erraz ezagutuko duzue, bide ondoan inguratzen duen hesia gurutzatzeko langa baitu. Hura gainditu eta bertan buelta bat eman dezakezue. Pagadia nolakoa den behatzeko eskatuko diegu: eguzkia asko sartzen ote den, argitsua ote den, belar handia ote dagoen basoan, garbia ote den. Ondorioz, animalia asko edo gutxi biziko ote diren eta abar.