burua

XABIER OLASKOAGA LASA

1918ko irailaren 6an jaio zen. Hiru urte zituela aita hil egin zitzaien eta bost senide zirenez, beren haurtzaroa ez zen erraza izan.

Ama saiatu zen heziketa ona eskaintzen seme-alabei. Hala, Xabierrek irakurtzen eta idazten ikasi zuen Gurutzearen Alaben eskolan. Ondoren, koskortzerakoan, neskek soilik jarraitzen zutenez mojen eskolan, Biteri eskolara joan zen. Gero, Zamalbideko Tolare-berri eskolan jarraitu zituen ikasketak.

Eskolaz gainera, heziketa ona emateko ahalegin horretan, herriko Musika Bandaren zuzendaria zen Jose Maria Iraola, ospe handiko musikaria, eta Felix Lavilla irakasle aparta lagungarri izan zitzaizkion musika ikasketen lehen urte haietan.

1932tik 1939ra, herriko Euzko Gaztedi Kirolzalea taldeko kide izan zen eta baita Batzokiko antzerki taldeko partaide ere. Zenbaitetan, bertako txistulari taldearekin atabala jotzen zuen.

Gerran ibili zen. Langile batailoietan aritu zen Miranda de Ebron, Leonen, Ourensen, Astorgan, Valladoliden eta abarren errepideak zabaltzen, kuartelak egiten, eskolak eta etxe merke deiturikoak eraikitzen, ura ekartzen eta abar.

Gerra amaitu zenean, hainbat hilabete preso egin ondoren, aske utzi zuten azkenik.

Ondoren, Xey taldea sortu zuen. Haiekin hiru disko grabatu zituen Madrilen.

Haurra zelarik hasi zen kantuan. Lehenik Batzokian Gazteak deituriko taldean, langile batailoietan Miranda de Ebron eta Ourensen, Donostiako Easo abesbatzan, Xey taldean, Algecirasen, Errenteriako Orfeon Renteriano abesbatzan, Santa Zezilian, Lartaun taldean, herriko Pakezaleak taldeko kide izan zen eta abar.

Euskararen alde lan handia egindakoa da. Bertsolarien Txapelketan, kantaldietan, kontzertu emanaldietan, dantzaldietan, era guztietako ospakizunetan aurkezle lanak egin zituen euskaraz.

Idazle eta sortzaile ere izan zen, Oarso aldizkarian idazten zuen urtero. Oso ezaguna izan zen.

1989ko Santa Ageda bezperan bertso hauek kantatu zizkioten:

Gabon Jainkoak Xabier eta
berdin ere etxekoak
Santa Ageda bezpera ontan
giñaden etortzekoak.
Eskertutzeko denen aurrean
Herrian egindakoak
Hala ta guztiz izango gera
zorretan gelditzekoak

Amets hau dugu lagun Xabier
Gure bihotzan barrenez
Herriko seme leial bizkorra
Indartsu euskal almenez.
Hemendik lasai joango gera
agur ona eramanez
gure maitasun beroarekin
Bihar zerorren omenez.

2006ko uztailaren 25ean hil zen.

Herriko plaza batek, Niessenen dagoenak hain zuzen, bere izena darama herriagatik egin zuenaren esker onez.