Zubiaurre jauregia |
Hiribilduko jauregi hori herriko oinetxe zaharrenetako bat da. Antzinako erregimenean zehar herrian izandako familia nagusienei loturiko hiri jauregia da. Familia horiek desagertzea eta hiriak XIX. mendean zehar izan zuen bilakaera dira, eraikina etxebizitzarako bihurtzea, alegia, Zubiaurre jauregiak gaur egun duen narriaduraren eta egoera txarraren errudunak. Hainbat jabe izan ditu historian zehar; horregatik, era berean, hainbat izen izan ditu. Zubiaurre jauregia izenaz gain, Jauregi Zaharra, Antia-enea, Amasa-enea, eta Elizalde-enea izenez ezagutu da. Haren jabeetako bat Pedro Zubiaurre itsasgizona izan zen. Hegoaldeko fatxadan balkoiak ditu. Baita armarri ederra ere. Fatxada hori litzake banderak eta tapizak eskegi eta jauregiko jauntxoak kalera agertzeko lekua. Beheko balkoiak jauregitik ateratzen den balkoi luzapena du. Hori ez zen atearen horma, Santa Klara alderago baitzegoen. Mapan ikusten badugu, erraz ohartuko gara jauregia eta harresiaren artean plaza edo kale zabalpena dagoela. Hainbat uste eta teoria daude luzapen horren gainean, baina ez zuen defentsa sistemarekin inongo harremanik. Harresia, alboan eraiki zuten etxearen azpialdean ikus liteke, Txintxarri elkartearen zoruan. Beraz, harresia mendebaldeagotik jaisten zen. Ekialdeko fatxada ikusteko Erdiko kalera joan beharko dugu. Teilatuan kanoi itxurako galgora ikus genezake. Behar bada atentzioa emango digu leihoak altura desberdinetara daudela. Horren arrazoia solairuarteetan zeuden eskaileraburuak argiztatzeko beharra da. Iparraldeko fatxada zumardi aldera ematen duen fatxada da. Seguruenik jauregia eraiki zutenean atzealdeko fatxada izango zen, ibai ertzera begira zegoelako, baina, hala ere, ardura nabaria izan zuten bere osakeran eta ipini zituzten elementuetan. Gaur egun zumardian ikusten ditugun ate horiek, garai hartan ibaian ziren itsas jarduerekin lotutako industri-lokalak izango ziren. Iparraldeko fatxada horretatik hasi eta Beheko kaleko etxeen atzealdeek osatuko zuten, beraz, ibai aldera ematen zuen harresia. Beheko kaletik barrena abiatuko gara. Alde batera utziko dugu Erdiko kalea. Erdiko kalea, Arakin kalea izenez ere ezagutzen zen, bertan harategiak zeudelako, agian. Beheko kalean hainbat armarridun etxe ikusiko dugu, baita etxe sarrerako ate dotoreak. Amaieran, Udaletxetik behera datorren kalearekin bat egiten du. Beheko kaleko azken etxearen ertzak osatuko zuen hurrengo atea: Ugarritzako atea. Ugarritzako atea, hiribildutik Ugarritzako ontziolara eta Lezoko bidera joateko erabiltzen zen. Ibaia zeharkatzeko harlanduzko harriz eginiko zubi dotorea zegoen: Ugarritzako zubia. Egun, izen hori du oraindik nahiz eta Panierreko zubiaz ere ezagutzen den. Liburuxkako 7. Eta 12. Orrialdetako mapetan ikus daitezke elementu horiek guztiak. Harresiak jarraitzen zuen Bengoerrotaraino. Etxe horien guztien aurrean, egun zumardia dagoen lekuan, ubide bat igarotzen zen, Fanderiatik errotaraino ura ekartzen zuena. Garai hartan errotako eraikuntza beste eraikuntzak baino aurrerago ateratzen zen, gaur egun haren ordez dagoen etxeak ere zumardiko beste etxeekiko lerrokadura bera du. Egun zumardiko lerrokadura hori etenda badago ere, XIX. mende arte ez zuen izan etenik. Garai hartan eraitsi zuten etxea Biteri txikiari irteera eman eta errepide berria Papeleraino irits zedin. Gure bidean udaletxe aldera egingo dugu guk. Udaletxera heldu aurretik, haren alboan Kapitanenea kalea dugu. Kale horretan aurrera joan beharko dugu hurrengo eraikuntza aurkitzeko. |